XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

7. artikulua.- Kirolaren Euskal Kontseilua.

1.- Kirolaren Euskal Kontseilua Euskal Autonomia Erkidegoko kirol-politikari eragiten dioten gaietan aholkularitza emateko, kontsulta eta jarraipena egiteko eta eztabaidatzeko herri-administrazioen arlo-organo nagusia izango da, eta Eusko Jaurlaritzan kirol-eskumenak dituen sailari atxikita egongo da.

2.- Eusko Jaurlaritzaren, Euskadiko foru nahiz udal administrazioen eta euskal kirol-federazioen ordezkariek osatuko dute Kirolaren Euskal Kontseilua.

Halaber, Eusko Jaurlaritzan kirol-eskumena duen saileko titularrak kirol-munduan ospe handia dutenen artean izendatutako pertsona batzuk ere kontseiluko kide izango dira.

3.- Kirolaren Euskal Kontseiluaren osaera, izendapen-sistema, jarduera-arauak eta egitekoak araudi bidez ezarriko dira. Nolanahi ere, nahitaezkoa izango da kontseiluak esku hartzea kirolarekin lotutako xedapen orokorren proiektuetan.

8. artikulua.- Sustapen Olinpikorako Euskal Batzordea.

1.- Sustapen Olinpikorako Euskal Batzordea Eusko Jaurlaritzan kirol-eskumena duen sailari atxikita dagoen organo independentea da.

Bere helburua da mugimendu olinpikoa garatzea, ideal olinpikoak zabaltzea eta euskal kirolariak Joko Olinpikoetarako presta daitezen, haietan parte hartu eta ordezkaritza izan dezaten sustatzea.

2.- Honako hauek izango dira Sustapen Olinpikorako Euskal Batzordeko kideak: Eusko Jaurlaritzan kirol-eskumena duen saileko titularra, batzordeko lehendakari; kirol-mota olinpikoak dituzten euskal kirol-federazioen ordezkariak eta kirol-munduko pertsona garrantzitsuak.

3.- Sustapen Olinpikorako Euskal Batzordeak euskal federazioen partaidetza izango du eta Euskal Herriko kirolen sustapena bultzatuko du.

4.- Sustapen Olinpikorako Euskal Batzordeak, bere erakuntzari, antolakuntzari eta jardunbideari buruzko gorabehera guztietarako, lege hau eta berau araudi bidez garatzen duten xedapenak izango ditu araubide.